Iñaki Goikoetxea Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du Stadium Galn, lehen taldeak igande honetan Nàstic de Tarragona taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
“Joan den astean esan genuen partida guztiak hemendik aurrera finalak izango zirela. Irabazi bai ala bai? Egoeraren arabera, puntu bat ona izan daiteke. Aurkariek bat egiten ez badute, puntu bat gertuago zaude. Irabaztera joan behar dugu, baina erotu gabe”, adierazi du Goikoetxeak. “Duela bi aste Logroñon irabaztea ere bazen eta azkenean galdu egin genuen. Eta puntu hori ona zen. Orain bi partida ditugu etxetik kanpo. Etxean, Murtziako eguna kenduta, ez gara hain gaizki egon. Jendeak animatu egiten gaitu, azken egunean giro berezia zegoen hirian”.
Aurrealdean azken partidetan izan diren aldaketei buruz, Goikoetxeak azpimarratu duenez, “partidaren inguruabarren araberakoa” da, “astean zehar jokalariak nola ikusten ditugun, aurkariaz astean zehar hitz egiten dugu talde teknikoan eta horren arabera erabakitzen dugu”.
Aurkariari buruz galdetuta, Real Unióneko entrenatzaileak esan duenez, “kalitate handiko jendea du. Goian, batez ere, kalitate handia dute. Adi-adi egon beharko dugu. Eta guk gure jokoa egin”.
Iñaki de Mujika gogoan
Iñaki de Mujikaren omenezko lore sorta bat izan da Goikoetxearen agerraldiaren buru, komunikabideetako lankideen opari. “Ez dut amaitu nahi berarekin gogoratu gabe, eta besarkada handi bat bidali familiari eta lagunei. Aurreko asteazkenean gurekin egon zen kafea hartzen eta diru pixka bat eman zigun taldeak egun batean pintxo batzuk hartu eta taldea egin zezan. Ezagutzen genuenontzat kolpe handia izan da”, adierazi du Goikoetxeak.
Lehen Federazioko 2. Multzoko 34. jardunaldiko partida 18:00etatik aurrera jokatuko da, igandean, Nou Estadin.