Real Unióneko Administrazio Kontseiluak eta Aitor Zulaikak Azpeitiko entrenatzaileak Real Unióneko lehen taldeko entrenatzaile gisa zuen kontratua amaitzea adostu dute. Joseba Agirrek ere ez du jarraituko bigarren entrenatzaile gisa.
Aitor Zulaika Arangurenek (Azpeitia, 1978) Irunen egin duen bigarren etapa 2020ko uztailean hasi zen. Lehen denboraldi horretan, Azpeitiko entrenatzaileak Real Unión Lehen RFEF Mailan postuetako bat lortzera eraman zuen, Espainiako Futbol Federazioak egindako mailen birmoldaketaren ondoren. Bosgarren izan zen, 33 punturekin. Jokatutako 20 jardunaldietan 10 garaipen, 3 berdinketa eta 7 porroteko balantzearekin, aldeko 26 golekin eta kontrako 18rekin. Hurrengo fasean lau garaipen gehiago lortu zituen, maila berrian postu hori ziurtatuz maiatzaren 2an Tarazonan.
Joan den denboraldian taldeak mailari eutsi zion Lehen RFEF Mailako 1. Multzoan, zortzigarren sailkatu zen 60 punturekin, 18 garaipen, 6 berdinketa eta 14 porroteko balantzearekin, aldeko 51 golekin eta kontrako 45ekin.

Gaur egun Real Unión hemezortzigarren postuan dago, jaitsiera postuetan 13 punturekin, 3 garaipen, 4 berdinketa eta 6 porroteko balantzearekin jokatu diren 13 jardunaldietan, aldeko 14 golekin eta kontrako 21ekin.
Federazio Kopan taldea finalerdietaraino iritsi zen, SD Leioa, Náxara CD, Illueca CF eta Terrassa FC kanporatuz eta CD Arenteiroren aurka galduz. Errege Kopan Real Uniónek Cádiz CF kanporatu zuen lehen kanporaketan eta bigarren kanporaketa abenduaren 20an jokatuko du RCD Mallorcaren aurka.
Real Unióneko Administrazio Kontseiluak Aitor Zulaikak bigarren etapa honetan Irungo taldean egindako lan eskerga eskertu nahi du eta datozen erronka profesionaletan zorterik onena opa dio.