Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek, hiriko zenbait kirol taldetako ordezkariekin batera, UDA 2024 kirol jardueren kanpainaren berri eman du, Santiagotarrak Kirol Elkartearen ontziralekuan, Plaiaundiko instalazioetan.
Ordezkariaren hitzetan, “UDA funtsezko ekimena da Irungo Udalarentzat, hiriko gazteei udan ere kirola egiteko aukera eskaintzen dielako. Udan, kirolak ezin du huts egin Irunen, eta, horregatik, estimatzekoa da hiriko kluben ahalegin eta dedikazioa gazteei askotariko diziplinak eskaintzeko; dela beren kirolik gustukoenean aritu daitezen, dela kirol berri bat probatu dezaten”.
Aurten, guztira, udako 22 ikastaro hartzen ditu barnean programak. Haurrentzat eta 18 urtera bitarteko gazteentzat dira, eta hiriko zenbait entitatek antolatu dituzte, bakoitzak bere modalitatean.