David Movilla Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du ostiral honetan Stadium Galeko prentsa aretoan, lehen taldeak larunbat honetan CF Intercity taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Real Unióneko entrenatzaileak esan du “harrotasunean minduta” dagoela Amorebietan gertatutakoarekin. “Futbolean galdu, berdindu edo irabazi egin daiteke, baina azken egunean edo Eldenseren lehen zatian egin genuen bezala galtzeak min handia ematen dit. Partidak eskatzen zuen mailan ez lehiatzearen arduradun nagusia naiz”.
“Emaitza baten ondorengo ondorioak ez ditut baloratzen, arreta kentzen baitizu egin behar duzunetik. Nire arreta ez dago irabaztearen, galtzearen edo berdintzearen ondorioetan, taldeak irabazteko aukera gehiago izateko egin behar duen horretan baizik”, adierazi du Movillak.
Kazetarien galderei erantzunez, “bigarren itzulietan puntuek garrantzi handiagoa dute. Emaitzak baino askoz gehiago arduratzen nau taldeak transmititzen duenak. Azken bi partida hauetan eman duguna baino askoz gehiago eman behar dugu eta emango dugu”. Gaineratu duenez,” gauza bat da prestatzen dena, entrenatzen dena, bistaratzen dena eta beste gauza bat gertatzen dena. Oso argi daukat hirunaka batzeko aukerak izateko partidak komeni zaizkigun egoeretara eraman behar ditugula. Aurkariak sekulako potentziala du, neguko merkatu ona egin du, maila handiko fitxaketekin. Egia da ez duela beste batzuek duten historia edo masa soziala, baina lehen mailako futbolariak ditu, euskarri ekonomiko bat duelako atzean, eta horrek ahalbidetzen duelako. Orain arte eman dugunaren bertsio hobea eman behar dugu, eta gure mailarik onenean lehiatu, gure jendearen laguntzarekin”.
Lehen Federazioko 2. Multzoko 22. jardunaldiko partida 17:00etatik aurrera jokatuko da, larunbatean, Stadium Galen.