Iñigo Idiakez Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du gaur eguerdian Stadium Galeko prentsa aretoan, taldeak bihar CD Lugoren aurka jokatuko duen partidaren atarian.
“Geratu zaigun plantillaren oso balorazio positiboa egiten dut. Josh eta Tommiren etorrerei dagokienez, gure ustez, horiek dira etortzeko eta kalitatea emateko egokienak. Josh 18 urtez azpiko internazionala izan zen Ingalaterrarekin eta kapitaina, baldintza ikaragarriekin zentral bezala, altua, goitik oso ondo doana. Eta Tommi lerro artean eta hegalean jokatzeko jokalaria da. Aston Villak etorkizunean biak lehen taldeko jokalariak izan daitezkeela uste du, eta hemen izateko zortea dugu”, adierazi du entrenatzaile donostiarrak, bi jokalariak biharko partidarako deialdian sartuko direla baieztatu duena.
Aurkariari buruz galdetuta, Idiakezek esan du CD Lugo “talde eta klub maila ezberdina” dela. “Badakigu oso talde ona dela, emaitza bolada txarra izan duela, aurreko partida irabazi dutela, zelai erditik aurrera kalitate handia duela eta arazo askotan jarriko gaituela”. Real Unióneko entrenatzaileak azpimarratu duenez, “jokalariek oso ondo entrenatu dute, eta gogo handiz goaz bihar hiru puntuak lortzeko, etxeko azken porrotaren ostean”. Joan den asteburuan Tarazonan lortutako garaipenari buruz, Idiakezek esan duenez, “lehiakorragoak izatea eskatzen genuen eta izan ginen, batez ere baloia ez daukagunean. Partida oso zaila izan zen. Hogeita hamazazpi sarrera izan zituzten, eta bi izan ezik, oso ondo defendatu genituen”.
Lehen Federazioko 1. Multzoko 22. jardunaldiko partida bihar jokatuko da, Stadium Galen, 20:00etatik aurrera.