Aitor Zulaika Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du gaur goizean Stadium Galeko prentsa aretoan, lehen taldeak asteazken honetan Stadium Galen Valladolid Promesas taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Kazetarien galderei erantzunez, Real Unióneko entrenatzaileak argi utzi du taldeak biharko partida duela buruan, igandean Santanderren gertatutakoa ahaztuta. “Atzoko entrenamenduan amorru pixka bat nabaritzen zen, aurrekoan esan genuen bezala oso zelai polita eta aurkari handia zelako. Partidak osagai guztiak zituen, baina nahi duzun partida ateratzen ez zaizunean haserre puntu hori geratzen zaizu, normala da”.
Valladolid Promesasen aurkako partida porrot horren ondoren une onean ote datorren galdetuta, azpeitiarrak ez du horren argi. “Entrenatzaileei askotan entzun diet esaten partida bat galtzen duzunean hurrengo partida ahalik eta azkarren izatea ona dela. Nik zalantzak ditut baieztapen horren aurrean, neuri partidak denboraz prestatzea gustatzen baitzait, aurkaria ondo aztertuz. Baina COVID-19agatik partida atzeratu behar izan genuen eta orain, ohi baino entrenamendu gutxiagorekin, aurre egin behar diogu. Eta berme guztiekin egingo dugu”.
Zulaika joan den ostiralean joan zen Valladolid Promesas Lezamara Bilbao Athleticen aurka ikustera. “Valladolid Promesas on bat aurkitu nuen, baloiarekin baliabide asko dituena, erritmo bizikoa. Egia da Bilbao Athletic ondo aritu zela eta Valladolid Promesasek defentsan asko sufritu zuela, baina, batez ere, jokoaren kontzeptuei erreparatu nien, baita zein jokalari dituen ere. Eta RFEF Footters Lehen Mailan maila goreneko jokalariak dira, eta goragoko kategoriako batzuk ere baditu”.
Aurkariak sailkapen-taulan duen postuaz galdetuta, Zulaikak adierazi du “lehenik eta behin talde guztiei errespetu osoa izan behar diegula, lehen edo azken postuan joan, maila berean zaudelako. Valladolid Promesas talde ona da. Bihar norbait Galera etortzen bada sailkapenean urrun daudela pentsatuz… 12. edo 15. minuturako, agian, futbolean oso ondo jokatzen duen talde bat aurrean dugulaz konturatuko da”. Real Unióneko entrenatzaileak adierazi duenez, “ziurrenik aldaketak egongo dira taldean, igandean jokatu dugulako. Chemak (Núñez) baja izaten jarraituko du eta Alain (Oyarzun) berreskuratuko dugu, zigortuta baitzegoen”.
Lehen multzoko 21. jardunaldiko partida asteazken honetan jokatuko da, Stadium Galen, 19:00etatik aurrera.