Real Madrid Castilla: De Luis; Álex Jiménez, Alcázar, Carrillo, Rafa Marín; Mario Martín, Gonzalo, Bruno, Manuel Ángel, Leiva; Noel.
Honako jokalari hauek ere jokatu dute: Piñeiro, Theo, Peter, David Jiménez, Obrador, Álvaro eta Arribas.
Real Unión Club: Irazusta; Aramburu, Montoro, Jaso, Kijera; Rivero, Azkue, Capelete, Oyarzun, Herrero; Sánchez.
Honako jokalari hauek ere jokatu dute: Iza, Santos, Pérez, Parada, Chan, Núñez, Bravo, Seguín, Aguirre eta Beobide.
Emaitza (1-1): 1-0, Bruno (6. min.); 1-1, Seguín (47. min.).
Epailea: Alberto Fuente Martín (Kantabria).
Bestelakorik: Real Uniónen bigarren lagunarteko partida. El Pilar (Guarnizo). Cultural Deportiva Guarnizoren mendeurreneko ekitaldien barruan jokatutako partida. El Pilar (Guarnizo), 500 ikusle inguru.
Real Madrid Castilla eta Real Unión taldeek indarrak neurtu dituzte gaur arratsaldean Guarnizoko El Pilar futbol-zelaian, Cultural Deportiva Guarnizoren mendeurreneko ekitaldien baitan. Bordelen duela astebete gertatu zen bezala, partida azkar jarri zaio maldan gora Aitor Zulaikak zuzentzen duen taldeari. Talde zuriaren lehen arrisku jokaldia partidako lehen gola izan da. Jokaldi horretan Bruno bakarrik gelditu da area ertzean eta ezkerrarekin Irazusta gainditu du Real Madrid Castilla markagailuan aurretik jartzeko. 19. minutuan iritsi da Real Uniónen lehen hurbilketa. Nacho Sánchezen eskuin hegaleko irekiera, baina Capeleteren erdiraketak ez du errematatzailerik aurkitu. Real Madrilen bigarren taldearen erreplika 22. minutuan iritsi da, Manuel Ángelek area kanpotik egindako jaurtiketa baten bitartez, Irazustak ondo desbideratu duena kornerrera. Real Unióneko kapitainak madrildarren bigarren gola eragotzi du hiru minutu geroago, Noelek jaurtitako falta jaurtiketa kornerrera aldenduz. Lehen zatiko aukerarik argiena 34. minutuan iritsi da Aitor Zulaikak zuzentzen duen taldearentzat. Oyarzunek pasea filtratu dio Nacho Sánchezi, baina madrildarren defentsa gurutzatu egin da baloia kornerrera bidaltzeko. Azkueren errematea De Luisen eskuetara joan da gero.
Eta Real Madrid Castilla izan bada lehen zatiko arriskuko lehen jokaldian aurrea hartu duena, bigarren zatiaren hasiera justu alderantzizkoa izan da. Real Uniónen lehen aukera, Paradaren erdiraketa eta Seguínek barrura. 47. minutua zen. Handik gutxira, 55. minutuan, aukera berria irundarrentzat. Seguínek botatako kornerra, Bravo errematatu eta Parada ez da heldu baloia barrura bultzatzeko. Real Madrid Castillak ere izan du, bitan. Lehenengoa 73. minutuan, Arribasen bitartez, baina Izaren luzapenak bigarren gol zuria eragotzi du. Gero, 82. minutuan, Álvaro protagonista eta atezain irundarra berriro ere taldea salbatzen.
Real Unión entrenamenduetara itzuliko da astelehen honetan. Aurredenboraldiko hurrengo partida abuztuaren 6an, larunbatean, jokatuko da, Sanseren aurka, Stadium Galen, 11:30etik aurrera.