Aitor Zulaika Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du gaur goizean Stadium Galeko prentsa aretoan, lehen taldeak larunbat honetan Stadium Galen SD Logroñés taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Zulaikak esan duenez, “bihar asko identifikatzen naizen talde baten kontra jokatuko dugu, klubak duen izaeragatik, taldeak duen jokatzeko moduagatik”. Entrenatzaile azpeitiarrak adierazi duenez, “bere jokoa azpimarratuko nuke, batez ere baloiarekin. Esango nuke Deportivorekin batera maila honetako baloiaren atzetik korrika gehien egitera behartzen dizun taldea dela. Lehen itzulian maila oso altuarekin zeuden, baina ondo dagoen talde batekin egingo dute topo”.
Prentsaren galderei erantzunez, Real Unióneko entrenatzaileak argi adierazi du: “Gu geureaz arduratu behar gara, gurea hobetuz. Ondo gaude, baina hobeto egon nahi dugu, batez ere Galen, posizio-jokoa eta estrategia hobetu behar ditugu”. Zulaikak gogorarazi duenez, “gaurko entrenamenduaren zain, ez dugu inor galduko eta Quique Rivero berreskuratuko dugu”.
“Baloia edukitzea gustatzen zaigun bi talde izango ditugu aurrez aurre, partida oso erakargarri baten aurrean gaude, taktikoa ere izango da, eta ez daukat hain argi emaitza motzeko partida denik”.
Lehen multzoko 24. jardunaldiko partida larunbat honetan jokatuko da, Stadium Galen, 19:00etatik aurrera.