Iñaki Goikoetxea Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du Stadium Galn, lehen taldeak igande honetan CD Atlético Baleares taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
“Aste hauetan guztietan esaten ari garena. Partida guztiak finalak dira, baina gero eta gutxiago geratzen da. Bi puntura gaude, igandean etxean jokatuko dugu, aurkari zuzen baten aurka, hil edo biziko partida da”, esan du Debakoak kazetarien galderei erantzunez.
Zelai gainean eta egun hauetako euriak nola eragiten dion ikusita, Goikoetxeak gogorarazi duenez, “Numantziaren egunean zelaia ere gaizki zegoen, baina ondo lehiatu ginen. Ea ba, igandera arte denbora geratzen da zelaia nola dagoen ikusteko”.
Real Unióneko entrenatzaileak aitortu duenez, “etxean jokatu ditugun partidetan jokalariak urduriago egon direla nabaritu dut. Baina aste honetan ondo ikusten ditut. Ziur jende asko etorriko dela animatzera. Bilbao Athleticen egunean publikoak garaipenera bultzatu gintuen eta ziur nago igandean ere energia hori aterako dugula”. Partida irabazteko gakoei dagokienez, Goikoetxeak argi du: “arriskua sortzen saiatzea, aukerak sortzen saiatzea eta kontrako zelaian jokatzen saiatzea. Hori da gure ideia”.
Lehen Federazioko 2. Multzoko 36. jardunaldiko partida 12:00etatik aurrera jokatuko da, igandean, Stadium Galen.