Aitor Zulaika Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du gaur goizean Stadium Galeko prentsa aretoan, lehen taldeak igandean CD Calahorraren aurka jokatuko duen partidaren atarian.
“Ez da aste erlaxatuagoa edo lasaiagoa izan, hemen egunero baitaude kudeatzeko gauzak, baina aste tipikoagoa izan da, asteburuko partida asteazkenean partidarik jokatu gabe prestatzeko aukera izan baitugu. Denbora asko generaman horrelako asterik izan gabe”, adierazi du Zulaikak kazetarien galderei ekiteko. “Oraindik asko falta da, partidatik 60 ordura gaude eta aurretik ditugu gaurko eta biharko entrenamenduak”.
Real Unióneko entrenatzaileak azpimarratu duenez, “antzeko egoeran gauden bi talde izango ditugu aurrez aurre. Sailkapenak dio eta zenbakiek diote. Ez batak ez besteak ez dugu hasiera desiratua izan. Calahorrak, urtero bezala, asko berritu du plantilla. Hazten eta taldea egiten joango da, baina azken urteetan mota guztietako ezbeharrak gainditzeko eta denboraldi onak egiteko moduaren adibide da. Azken urteetan gauzak oso ondo egiten ari den kluba da”.
Partidaren gakoez galdetuta, Zulaikak esan du “guk geuk izan behar dugula, ondo hasi, egiten dugunarekin koherenteak izan, errepikakorrak, etengabeak. Uste dut horiek izango direla partidako gakoak”.
Lehen Federazioko 2. Multzoko 10. jardunaldiko partida igandean jokatuko da, 16:00etatik aurrera, La Planilla futbol zelaian.