Mikel Llorente, Real Unión Club-eko entrenatzaileak, agerraldia egin du gaur goizean Stadium Galeko prentsa aretoan, taldeak igandean Ourense CF-ren aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Entrenatzaile hondarribiarrak aitortu du etxetik kanpoko emaitzak ez direla espero bezalakoak, eta horri buelta ematea espero dutela, baina aste honetan taldeak etxean jokatuko du eta sentsazio onak berreskuratu nahi ditu: “Hemen gaude irabazteko. Etxetik kanpo porrot gogorrak eta handiak ematen ari dira, baina etxean sentsazio onak berreskuratzen saiatuko gara. Ea gai garen emaitza on bat ateratzeko eta dinamika positibo batean sartzeko “.
Ourense CF-ren buruz, Mikel Llorentek talde galiziarraren dinamika onaz hitz egin du: “Entrenatzailea aldatu dute, hiru jardunaldi daramatzate berriarekin, eta sentsazioak onak dira. Talde honek, dagoen egoeran egoteko, nortasun handia du eta oso ausarta da. Ikusi duguna gustatu zaigu, taldea, entrenatzailea denbora gutxi daraman arren, oso landuta dago eta oso dinamika positiboan dator. Hemen ez dago aurkari errazik, baina badakigu gure potentzialaren berri eta gure bertsiorik onena ematen saiatuko gara “.
Taldeak etxean presioa baduen galdetuta, entrenatzaileak ezetz esan du: “Ez da presioa, gogo handia da. Ourense CFren aurkako partida asteartean izatea gustatuko litzaidake. Astea luzea egiten zaizu eta larunbateko sentsazioarekin geratzen zara; orduan, berriro lehiatu nahi duzu. Lehiaketa iristea nahi duzu erakusteko joan den astekoa ez dela gure maila. Ez da presioa, energia, gogoa eta ilusioa baizik”.