Iñaki Goikoetxea Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du ostiral honetan Stadium Galeko prentsa aretoan, lehen taldeak larunbat honetan Barça Atlètic taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Debakoak esan duenez, Real Uniónen aulkiko erreleboa “naturaltasun osoz hartu dut, ez diot buruari buelta askorik eman. Esan zidatenean, pentsatu nuen eta berehala hasi nintzen hurrengo eguneko entrenamendua prestatzen. Naturaltasunez. Urratsez urrats, egin behar duguna egiten eta ñabardurak egiten. Nola entrenatu eta nola jokatu pentsatzen, eta ez gertatu denari bueltak emanez”.
Kazetarien galderei erantzunez, Goikoetxeak aitortu du “une delikatua” dela, “erronka handia da, baina aurrekoan presidentearekin hitz egin nuenean esan nion. Honi buelta eman diezaiokegula uste dut, ikusten dut nola, aldatzeko modua, energia daukat, lasai nago. Unea? Ez da erraza, baina aukera eman didate eta dena emango dugu”.
Real Unióneko entrenatzaileak adierazi duenez, “gauza logikoak egiten saiatu behar gara, naturaltasunez, jokalariek askatu egin behar dute, entrenamendu laburrak baina biziak, berriro konfiantza har dezaten”. Gainera, jokalariei “biziak izateko eta kontrako zelaian jokatzen saiatzeko eskatu diet. Barça Atlètic deseroso jartzen saiatu behar dugu, baloia lapurtu behar diegu, ausartak izan behar dugu, ez gara atzean sartu behar zer gertatzen den ikustera”.
Goikoetxeak ez du aukera pasatzen utzi ikusleen laguntza eskatzeko geratzen diren partidetan. “Une txarrean gaudenez, gauzak sinplifikatu behar dira, jokalariei buruan gauza asko sartu gabe. Ideiak baditut, baina pixkanaka. Guk ere jendeari jaten eman behar diogu, taldeak nahi duela ikus dezan kutsatu egin behar dugu. Etor daitezela eta anima gaitzatela 90. minutura arte”.
Fede Andradari buruz galdetuta, “ondo dago, erritmo apur bat falta zaio, denbora baitarama jokatu gabe. Baina oso azkar ari da integratzen. Erritmo hori hartzea tokatzen zaio”.
Ander Elosegiri omenaldia
Partidaren atarian, klubak omenaldia egingo dio Ander Elosegiri. Irundarrak lau Olinpiar Joko jokatu zituen, eta duela gutxi piraguismotik erretiratzen zela iragarri zuen. Bere familiak eta Santiagotarrak Kirol Elkarteko ordezkaritza batek lagunduko diote omenaldi egun honetan.
Lehen Federazioko 2. Multzoko 28. jardunaldiko partida 19:00etatik aurrera jokatuko da, larunbatean, Stadium Galen.