Real Unióneko entrenatzailea gaur goizean agertu da Stadium Galeko prentsa aretoan, CD Tudelano taldearen aurkako partidaren atarikoan.
Aitor Zulaika Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du gaur goizean Stadium Galeko prentsa aretoan, lehen taldeak igande honetan Ciudad de Tudelan CD Tudelano taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Atzoko Errege Kopako porrotaren ostean taldea amorruz eta emaitza ona lortzeko gogoz zelairatuko ote den galdetuta, Zulaikak esan du “bai, hala espero dut, baina igandero, porrot batengatik, kitzikatzen gaituen aurkari batengatik, zelaiak hala eskatzen duelako edo entrenatzaileak astean zehar estu hartu dituelako… Atzo jaso genuen tortazoaren ondoren horrela irten behar dugu eta horrela aterako gara”.
“Zenbait jokalarik igande goizera arte ez dugu jakingo jokatu ahal izango duten ala ez. Oraintxe bertan kanpoan dira Beobide, Santos eta Nacho Sánchez. Bat, bi, hiru edo bat bera ere ez dugu errekuperatuko. Atzo 19 bidaiatu zuten, baina Alain zigortuta dago. Ikus dezagun, gaur egun ezin dut gehiago esan”, adierazi du Azpeitiko teknikariak kazetarien galderei erantzunez.
Aurkariaren taldeari dagokionez, Zulaikak adierazi duenez, “entrenatzailea aldatu dutenetik, beti daude partidan. Irabazi, galdu edo berdindu egingo dute, baina beti daude partidan, emaitza oso laburrekin. Horrek asko esaten du beraiei buruz, gauzak ondo ez doazenean lehiakorra izatea ez baita erraza”.
Lehen multzoko 14. jardunaldiko partida igandean jokatuko da, Ciudad de Tudelan, 12:00etatik aurrera.