Aitor Zulaika Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du gaur goizean Stadium Galeko prentsa aretoan, lehen taldeak igande honetan Nàstic de Tarragona taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Taldea, entrenatzaileak berak esan ohi duen bezala, Cádiz CFren aurkako kanporaketaren eta joan den igandean Alacanten lortutako garaipenaren ondoren geziarekin gora ote dagoen galdetuta, Zulaikak esan du “oraindik ez” dagoela. “Hobeto gaude jokoagatik, emaitzengatik eta jokalariak berreskuratzen ari garelako, baina oraindik ez. Taldea hobeto dago? Bai, baina hobeto egotetik geziarekin gora egotera, nik aipatu ohi ditudan terminoetan, oraindik geratzen da, jauzi bat dago”. Azpeitiko entrenatzaileak adierazi duenez, “astea ezberdina izaten ari da. Klubetik gertu dagoen jendeak atzo entrenamendua ikusita esan zidan hau beste gauza bat dela, bueltan dagoen jendearekin. Ez bakarrik zenbat jende ari den entrenatzen, baita nola entrenatzen ari garelako ere”.
Nàstic de Tarragonari buruz, Real Unióneko entrenatzaileak esan du “klub bikaina” dela, “atzetik zaletasun ikaragarria duena, iaz Bigarren Mailara igotzeko play-offa jokatu zuena, azken urteetan Bigarren Mailan egon dena edo igotzeko borrokan aritu dena. Erronka polita, gogorra, zirraragarria eta garrantzitsua izango da. Azken batean, klub handia da, entrenatzaile ona du, jokalari onak ditu, ez dute liga erabat ondo hasi, baina orain dinamika onean daude”.
Lehen Federazioko 2. Multzoko 13. jardunaldiko partida igandean jokatuko da, Stadium Galen, 12:00etatik aurrera.