Lubanzadio eta Musyren golek hiru puntuak eman dizkiote talde bizkaitarrari.
Club Portugalete: Gomez; Santamaria, Rubio, Rozas, Arnedo; Musy (Güemes, 87. min.), Lubanzadio (Salado, 69. min.), Murua, Eizmendi (Nacho, 87. min.), Monterde (Ayala, 77. min.); Zekri.
Real Union Club: Irazusta; Perez, Kijera (Bravo, 83. min.), Senar, Azkoiti; Beobide, Rivera (Galan, 75. min.), Rivero, Thior (Capelete, 75. min.), Madrazo (Donoso, 83. min.); Viguera.
Emaitza (2-0): 1-0, Lubanzadio (52. min.); 2-0, Musy (78. min.).
Epailea: Albert Catala Ferran (Katalunia). Txartel horia atera dio Kijerari (32. min.) Real Unionen aldetik eta Lubanzadio (60. min.), Eizmendi (72. min.) eta Muruari (90. min.) Portugaleteren aldetik.
Bestelakorik: Bigarren B Mailako A Azpimultzoko 21. jardunaldia. La Florida, ateak itxita.
Esku hutsik bueltatuko da Irunera Real Union gaur Portugaleten galdu ondoren. Lubanzadio eta Musyren golek hiru puntuak eman dizkiote talde bizkaitarrari. Lehenengo zati oso leiatua La Floridako berdegunean ikusi duguna. Real Unionen partetik aukerarik garbiena Thiorrek izan du 18. minutuan. Riverok eskuin hegalera zabaldu, senegaldarrak ondo jaitsi du baloia eta area barruan sartu da baina ez du Portugaleteren atearen aurrean asmatu. Bizkaitarren aukerarik garbiena 35. minutuan etorri da Arnedok egindako areaz kanpoko jaurtiketa baten bidez. Gehiago izan du baloia Real Unionek lehen zatian baina baloiaren jabetza hori ez da aukeretan gauzatu.
Zeharo aldatu da neurketa bigarren zatian. 52. minutuan, Portugaletek bigarren zatian ateratako lehenengo kornerreran, Lubanzadioren gola etorri da, area txikian baloia iritsi eta Irazusta gainditu ondoren. 74. minutuan areaz kanpotik saiatu da Portugalete, Monterderen bitartez. Berdinketaren golaren bila, Aitor Zulaikak Capelete eta Galan sartu ditu zelaian Thior eta Riveraren ordez, baina etorri dena Portugaleteren bigarren gola izan da, Musyren jokaldi batean. Beste bi aldaketa egin ditu Zulaikak, Bravo eta Donoso Kijera eta Madrazoren ordez, baina beranduegi. Azken aukera, hala ere, Real Unionek izan du, Galanen bitartez, baina bere burukada zutoinera joan da 89. minutuan.