Kirol 2022. Euroeskualdeko topaketa. Kirol, Osasuna, Ongizatea jardunaldia egin da gaur goizean Ficoban. Bi On Bek antolatua, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen eta Real Uniónen laguntzarekin.
Ekitaldia Amets Arzallus bertsolariaren ongietorri bertsoekin hasi da, eta ondoren Arola Urdangarín (Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko zuzendaria) eta José Antonio Santano (Irungo alkatea) mintzatu dira eta ekitaldia ireki dute.
Julian Iantzi eta Pantxika Maitia aurkezle lanetan ari zirela, lehen bloke tematikoa “Prebentzioa eta osasuna kirolean. Mugaz gaindiko eremutik egindako ekarpenak” izenburua izan du. Diego Reyero Nafarroako Gobernuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntza Zentroko zuzendariak eman du hitzaldia: “Bat-bateko heriotza kardiakoaren prebentzioan diziplina anitzeko planteamendua. Nafarroako eredua”. Bigarren hitzaldia Hélène Hiribarrenek, KDNAko CEOak, eman du: “Analisi molekularretan oinarritutako doitasunezko nutrizioa, norberaren kirol-errendimendua eta osasuna hobetzeko”. Bloke hau amaitzeko, “Prebentzioa nola hobetu ariketa fisikoa egiterakoan?” izenburupean, mahai-inguru bat egin da, Iñigo Etxeberria (Behobia-Donostia lasterketako koordinatzailea), Alain Farisco (CD64 Rugbyko presidente ohia), Laurent Pujos (kirolaz kanpoko medikua) eta Iñigo Lavado (Iñigo Lavado Jatetxeko chefa) hizlari.
Bigarren bloke tematikoaren izenburua “Jarduera fisikoa denontzat eskuragarri. Euroeskualdeko lurraldeen dinamikak” izan da Fernando Lera-López Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Aplikatuko unibertsitateko katedradunaren eta NAEN Euroeskualdeak kofinantzatutako TranSPORT(S) proiektuko kide bazkidearen hitzaldiarekin hasi da, “Euroeskualdeko kirol jardunaren azterketa” izenburupean. Jarraian, Michel Garcíak, Jarduera fisiko egokiturako prestatzaile fisikoa eta “Believe” filmaren errealizadorea, hitzaldia eman du: “Jarduera fisiko egokituak, erreabilitaziotik goi-mailako kirolera”. Borja Ganzarainek, Salto Systems-eko Marketineko zuzendariak, bloke tematiko honetako hirugarren hitzaldia eman du, “Osasunaren eta ongizatearen sustapenaren aldeko lana lantokietan” izenburupean. Amaitzeko, bigarren mahai-ingurua, “Kirol jarduna denon eskuragarri izateko tresnak” izenburupean. Bertan, Mikel Garmendia (atleta ohia), Arantza Rojo (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Kirol Saileko aholkularia) eta Izaskun Manjón (Sasoi eta Previtek-eko lan-ongizateko zuzendaria) izan dira.
Kafe bat hartzeko etenaldi labur baten ondoren, hirugarren bloke tematiko bati ekin zaio, “Goi-mailako kirola. Mugaz gaindiko esperientziak eta politikak” izenburupean, bi hitzaldirekin. Lehena, “Akitania Berria eskualdeko goi-mailako kirol-politikaren garapena”, Patrice Behague Bordeleko CREPSeko zuzendariaren eskutik; bigarrena, “Kirolari profesionalen bizitza: ikasi, hazi eta hezi”, Txema Olazabal golf-jokalari profesionalaren, Sport Mundi elkartearen presidentearen eta Basque Team bikaintasun-proiektuaren gidariaren eskutik. Eta hirugarren bloke tematiko honi amaiera emateko, “Elitezko kirolaren erronka sozialak?” mahai-ingurua egin da, Marie Boura (kirol psikologoa), Mikel Jáuregui (Real Unióneko harrobiko futbolaren arduraduna) eta Itsaso Leunda (txirrindulari profesional ohia eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea) hizlari.
Azken bloke tematikoa “Kirola eta jarduera fisikoaren sustapena. Euroeskualdeko ekimenak” buruzkoa izan da. Unai Emery Villarreal CF taldeko entrenatzailearen hitzaldiarekin hasi da, “Goi-mailako kirola lurraldea garatzeko tresna gisa” izenburupean, eta Bi On Be plataformaren aurkezpen ofizialarekin jarraitu du, Igor Emeryren eskutik, osasunaren eta ongizatearen aldeko kirol-jarduera sustatzeko plataforma digitala. Azkenik, “Nola erraztu kirol-jardueretarako sarbidea?” mahai-inguruan, Iñaki Iturrioz (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko burua), Iker Etxeberria (Mugiment-pertsona aktiboak proiektuaren Idazkaritza Teknikoa) eta Olivier Vissières (64. Saileko Kontseiluko Kultura, Gazteria eta Kirol zuzendaria) mintzatu dira.