Zourdine Thiorren gol batek bigarren faseko lehenengo hiru puntuak eman dizkio Real Unioni.
Real Union Club: Irazustabarrena; Perez, Azkoiti, Elosegi, Kijera; Rivero, Senar, Capelete (Llamas, 85. min.), Thior (Donoso, 89. min.), Madrazo; Viguera (Galan, 72. min.).
SD Tarazona: Cacharron; Santigosa, Campins (De la Mata, 85. min), Ballarin (Casi, 69. min.), Santiago (Pepo, 85. min.); Sanchez (Florez, 85. min), Hermosilla, Rodriguez, Val (Óscar Jimenez, 75. min.), Herrero; Ramirez.
Emaitza (1-0): 1-0, Thior (15. min.)
Epailea: Francisco Jose Ortega Herrera (Valentzia). Txartel horia atera dio Viguera (23. min.) eta Madrazori (66. min.) Real Unionen aldetik.
Bestelakorik: Bigarren B Mailako II Multzoko D Azpimultzoko 1. jardunaldia. Stadium Gal, ateak itxita.
Garaipen garrantzitsua Real Unionek gaur lortutakoa bigarren fasea ondo hasteko, baja ugarirekin aurkeztu delako Aitor Zulaikaren taldea eta pasa den asteko porrotaren ondoren egoerari buelta eman behar zitzaiolako.
Neurketa hasi eta berehala izan du Real Unionek lehenengo aukera garbia, baina Thiorrek areaz kanpotik egindako jaurtiketa kanpora joan da. 15. minutuan Thiorrek berak sartu du partidako gol bakarra. Baloia Viguerari area barruan eman, honek itzuli eta senegaldarrak barrura bidali du baloia. Beste aukera bat 21. minutuan. Kasu honetan Capeleterentzat, baina bere jaurtiketa gutxigatik joan zaio kanpora irundarrari. Eta lehenengo zatia bukatu baina lehen, 40. minutuan, Capelete saiatu da berriro kanpotik, baina ez du asmatu.
Bigarren zatiko lehenengo minutuak Real Unionentzat izan dira. 49. minutuan, Madrazoren erdiraketa, Viguera pasatzen utzi eta Capeleteri kanpora joan zaio. 54. minutuan, Capeletek erdiratu eta Vigueraren burukada atezainaren eskuetara joan da. 56. minutuan Azkoitik izan du aukera korner bat errematatu ondoren eta hurrengo minutuan Madrazo saiatu da areaz kanpotik. Tarazonaren aukerarik garbiena 64. minutuan etorri da, Santiagok areaz kanpotik egindako jaurtiketa baten bidez. 81. minutuan Zourdine Thiorrek ez du ate aurrean asmatu eta 84. minutuan Galanek kanpo erditik saiatu da.
Hiru puntu hauekin 36 punturekin jarri da Real Union. Hurrengo neurketa larunbat honetan jokatuko dute Aitor Zulaikaren mutilek, Taxoaren, Osasuna Promesasen aurka, 17:00etatik aurrera.