Real Unióneko entrenatzailea gaur goizean agertu da Stadium Galeko prentsa aretoan, Cultural Leonesa taldearen aurkako partidaren atarikoan
Aitor Zulaika Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du gaur goizean Stadium Galeko prentsa aretoan, lehen taldeak larunbat honetan Reino de León futbol-zelaian Cultural Leonesa taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Bihar Leonen izango duten aurkariari buruz galdetuta, Zulaikak esan du “duela gutxi aldatu dutela entrenatzailea. Kopako partida bat eta Ligako bi daramate berarekin, baina talde bikaina da. Uste dut joko konbinatiboa duen talde bat aurkituko dugula, presioa egiterakoan gauzak argi dituen bloke batekin. Hortik aurrera, zelai bikaina, zalego bikaina eta plantilla bikaina”.
Entrenatzaile azpeitiarrak baieztatu duenez, “entrenamenduan zerbait gertatu ezean, Carlos Bravo deialdian joango da eta bidaiatu egingo du. Gero ikusiko dugu hasieratik edo bigarren zatian sar daitekeen, baina bere aukerak izango ditu, gainerako jokalariek bezala”.
Donostian lesioa sendatzen ari den Imanol Ezkurdiaren egoeraz ere galdetu dute kazetariek. “Urtarrilaren amaieran gurekin entrenatzen hastea pentsatzen dugu azken aldian komentatu nuen bezala. Dakizuenez, Zubietan ari da sendatzen. Epeak betetzen ari dira”.
Lehen multzoko 19. jardunaldiko partida larunbatean jokatuko da, Reino de León futbol-zelaian, 17:00etatik aurrera.