Aitor Zulaika Real Unióneko entrenatzailea Stadium Galeko prentsa aretoan agertu da gaur goizean, taldeak igande honetan Villaviciosa de Odónen DUX Internacional de Madrid taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
“Inoiz baino biziago gaude, lau jardunaldiren faltan gure helburutik gertu gaudelako eta, gainera, DUXek proposatzen duenaren aurrean hala egon behar dugulako”, hasi da azpeitiarra kazetarien galderei erantzunez, eta, jarraian, nabarmendu du DUX “oso entrenatzaile ona duen taldea” dela, “joko ikusgarria, erakargarria eta konbinatiboa garatzen duena, bere ideiekin bat datorrena. Defentsako ideiak oso argi izan beharko ditugu, eta baloia daukagunean min egiteko asmoa”.
Real Unión dagoen uneari buruz, Zulaikak adierazi duenez, “bizitzako edozein arlotan dauden aukerak aprobetxatu egin behar dira. Bestela, beste batek aprobetxatuko ditu zuregatik. Nik esan nuen zortzi jardunaldiren faltan aldagelan elkartuko ginela helburu bat jartzeko, eta hor barruan denok izan genuen argi. Hortik aurrera haren bila joan behar dugu. Helburu jakin bat proposatzen duzunean, hori lortzeko beldur bazara… lanbide honetarako ez duzu balio”.
Real Unióneko entrenatzaileak hiru baja baieztatu ditu: Beobide zigortuta eta Pradera eta Llamas lesionatuta. RFEF Footters Lehen Mailako 35. jardunaldiko partida igande honetan jokatuko da, Villaviciosa de Odónen, 17:00etatik aurrera.