Real Unión Club: Irazusta; Eimil, Montoro, Baz, Joseca (Martínez Escorcia, 77. min.); Vidorreta, Beobide (Muñoz, 69. min.), Oyarzun (Peru Ruiz, 85. min.), Cerdá (Córdoba, 77. min.), Solís; Escobar.
Club Gimnàstic de Tarragona: Varo; Trigueros, Dufur, Montalvo (Óscar Sanz, 54. min.), Andy (Pochettino, 82. min.); Pablo Fernández, Borja (Gorostidi, 76. min.), Tirlea (Pol, 54. min.), Joan Oriol, Jardí (Recio, 76. min.); Concha.
Emaitza (1-1): 0-1, Pablo Fernández (20. min.); 1-1, Escobar (88. min.).
Epailea: Imanol Irurtzun Artola. Txartel horia atera die Oyarzuni (27. min.) Real Uniónen eta Montalvori (39. min,) Óscar Sanzi (62. min.), Gorostidiri (86. min.) eta Borjari (92. min.) Nàstic de Tarragonan.
Bestelakorik: Lehen Federazioko I. Multzoko ligako 13. jardunaldia. Stadium Gal. Partida hasi aurretik Iván Pérez omendu dute, joan den astean Real Unióneko lehen taldearekin 100 partida ofizial bete ostean. Horrez gain, minutu bateko isilunea egin da Juanito Lekuona Galardi Real Unióneko jokalari ohiaren omenez, duela gutxi hildakoa.
Real Uniónek maldan gora jarri zaion partida berdintzea lortu du azken txanpan eta Stadium Galen galdu gabe jarraitzen du. Talde bisitariak jokoan eta markagailuan agintzen hasi da. Lehen abisu serioa 7 minutuan iritsi da, langan jo ostean kanpora joan den Andyren urrutiko jaurtiketa batekin. Bost minutu beranduago Pablo Fernández izan da Irazustaren ate aurrean asmatu ez duena. Hurrengo jokaldian ez du barkatu Nàsticek eta Pablo Fernándezek 0-1ekoa jarri du markagailuan. 19. minutua zen. Irungo taldea suspertzen saiatu da, eta bi aukera on izan ditu bisitarien golaren ostean, biak Solísenak. 25. minutuan, Escobarren jokaldi pertsonala eta andaluziarraren errematea gora joan da. Eta 31. minutuan, Alainek bularrez ondo jaitsi area barruan, Solísentzat utzi baina bere jaurtiketa gora joan da defendatzaile batengan jo ondoren.
Bisitarien bi aukera argi bigarren zatiaren hasieran. 51. minutuan, Montalvoren jaurtiketa gora. Eta 57.ean, Andyk, Irazustak defendatutako ateko zutoina urratuta, ez du 0-2koa jartzen asmatu. Fran Justok sartutako aldaketek partida irauli dute. Muñozek lehenengo eta Córdobak, Martínez Escorciak eta Peru Ruizek ondoren arnasa eman diote taldeari, azken minutuetan Nàsticen ate aurrean irauli egin baita, 88. minutuan, Córdobaren jokaldiaren ondoren, Escobarrek berdinketa jarri duen arte.
Real Uniónek etxean jokatuko du berriro hurrengo jardunaldian. SD Logroñés hartuko du Stadium Galen igandean 12:00etatik aurrera.