Larunbat honetan, 19:30ean, Stadium Galen, Real Uniónek berebiziko garrantzia duen partida bat jokatuko du, eta, gaur goizean, Irungo alkate José Antonio Santanok eta Klubeko presidente Igor Emeryk, Kirol ordezkari Borja Olazabalekin batera taldearen koloreak daramatzan bi bandera zintzilikatu dituzte udaletxeko balkoian.
Hain zuzen ere, Ligako azken jardunaldia jokatuko da, eta La Nucía etorriko da Irunera. Esan bezala, norgehiagokak berebiziko garrantzia du, Real Uniónek irabaztea lortzen badu mailari eustea ziurtatuko baitu. Hori dela eta, alkateak eta taldeko presidenteak larunbatean taldea babestera deitu dituzte herritarrak, eta balkoiak txuri-beltzez janzteko ekimenari atxikitzera.
Bestalde, Real Uniónek herritar guztientzako hainbat ekimen sustatu eta iragarri ditu, partidaren aurreko orduak animatzeko eta hitzordu erabakigarri honetan taldeari laguntzeko, eta Udalak haiekin bat egin du.