Iñigo Idiakez Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du gaur eguerdian Stadium Galeko prentsa aretoan, taldeak igandean CF Fuenlabradaren aurka jokatuko duen partidaren atarian.
“Garaipenaren ondoren taldea oso ondo entrenatzen aritu da eta igandeko partida iristeko gogo handiarekin dago. Oso talde batua da. Ildo horretatik jarraitu behar da. Hiru puntuak lortzeko gogo handiarekin goaz”, adierazi du entrenatzaile donostiarrak.
Kazetarien galderei erantzunez, Real Unióneko entrenatzaileak gogorarazi duenez, “lehen prentsaurrekoan esan nuen. Asmoa partida irabaztea da, eta gero hurrengoa irabaztea. Eta taldeak ondo entrenatu dezala, gero nire ustez partidarako ondoen daudenak hautatzeko gai izan nadin. Maila honetan aurkari guztiak oso zailak dira. Sestao izan zen eta Fuenlabrada izango da”.
“Oso talde konpaktua da, ondo antolatua. Asko kostatuko zaigu. Oso kontzentratuta egon behar dugu. Aurrekoan etxean jokatu genuen mailan jokatzen badugu aukera asko ditugu zerbait lortzeko”, adierazi du Idiakezek.
Lehen Federazioko 1. Multzoko 19. jardunaldiko partida igande honetan jokatuko da, Stadium Galen, 12:00etatik aurrera.