Real Union Clubak eta Club Deportivo Mariñok lankidetza-akordioa sinatu dute Mariñok 2003an sortutako emakumezkoen futbol-egituran elkarrekin lan egiteko. Akordioa 2027ko ekainaren 30 arte indarrean izango da, alegia, hurrengo lau denboraldietarako.
Real Union Clubeko arduradunek uste dute klubak badituela aportatzeko elementu batzuk Irungo futbolean dagoeneko finkatuta dagoen egitura bultzatzeko eta hazteko. Era berean, argi dute Irunen eta Bidasoaldean neskei futbolean aritzeko aukera emateko erantzukizun soziala dutela. Hala ere, ez dute proiektua CD Mariñotik kanpo antolatu nahi; beraien ustez, garatzen ari den kirol-proiektua indartzen lagundu behar du Real Union Clubak, emakumezkoen futbolean izan duen ibilbide historikoarekiko errespetuagatik, eta bi erakundeek uste dutelako CD Mariñok duela urte asko hasitako proiektua handitzeko indarrak batu eta sinergiak sortu behar direla bi kluben artean.
Gaur goizean aurkeztu da akordioa Irungo San Juan plazan, Irungo eta Gipuzkoako futbolerako akordio historikoa. Ekitaldian Igor Emery, Real Unión Clubeko presidenteak, adierazi duenez “hitzarmen hau oso garrantzitsua da hiriarentzat eta Irungo futbolarentzat, eta guretzako ohore bat da parte izatea. Iruni eskaini nahi genion proiektu sendo eta indartsu bat, eta uste dugu hau dela bidea, batez ere CD Mariñok azken hogei urte hauetan egindako lanari diogun errespetua eta errekonozimenduagatik. Gure helburua da akordioak lau urte baino gehiago irautea”.
Javier Mariño, CD Mariñoko presidenteak eta sortzaileak aipatu du CD Mariñorentzat, Real Union Clubarentzat eta irundar guztientzat albiste bikaina dela: “Funtsezko alderdia izango da hiriko emakumezkoen futbolarentzat eta emakumeen taldeek poz handiak eman diezazkigutela”. Bestalde, Aitor Muñoz, Club Deportivo Mariñoaren zuzendariak, bat dator agintari txuribeltz gorenak azaldutakoarekin, eta gaineratu du “eskutik joateak hazten lagunduko gaitu. Futbol eskaintza handitu egingo dugu, ez bakarrik Bidasoaldean, baita Baztanen eta Iparralden ere. Futbolean jokatu nahi duten emakume guztiei irekitako proiektua da”.
Jose Antonio Santano, Irungo alkatea, pozik agertu da hiriko bi kluben arteko akordioa dela eta: “Gaur oso albiste ona dugu hemen. Arrazoi on batengatik batu behar denean, oso garrantzitsua da ados jartzen jakitea. Mariñok eta Real Unionek egin dutena oso adibide ona da. Indarrak eta esperientzia batu dituzte Irunen futbolaz gozatu nahi duten neskek irabazten atera daitezen” esan du alkateak.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Kiroletako zuzendari nagusia den Goizane Álvarez-en ustez “gaur ez da soilik akordio berri bat aurkezten. Egitura eta estrategia berri bat aurkezten da Bidasoaldeko eta Gipuzkoako neskek eta emakumeek aukera berriak izan ditzaten” adierazi du.
Manu Diaz, Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak aitortu duenez “gaur proiektu garaile bat hasten da. Indarrak batu egiten dira eta Bidasoaldeako nesken futbola protagonista izango da Gipuzkoa osoan. Gipuzkoa osoaren proiektu garaile bat da”.
Realeko emakumezkoen futbol saileko kirol zuzendaria den Garbiñe Etxeberriaren ustez “akordio hau haundia da emakumeentzat, futbolarentzat, eta Realarentzat. Irunen lan haundia egina dago, Mariñok lan asko egin du eta oinarriak ondo jarritak daude. Elkarrekin bat egiteak proiektua indartzen du. Ondoan izango gaituzte eta proiektua bultzatzen lagunduko diegu”.
Gauzak horrela, Real Union Clubak eta Club Deportivo Mariñok hazten jarraituko dute. Oraingoan, Irunen eta Bidasoaldean futbolaren garapena gizartean indartzeko eta genero-berdintasunaren arloan urrats garrantzitsuak emateko.