Stade Kechiloan jokatuko da.
Igande honetan, irailaren 15a, Real Unión Clubeko Beteranoak Donibane Lohizunera joango dira Stade Kechiloan 17:00etatik aurrera Variétés Club de France talde ospetsu frantziarraren aurka lagunarteko partida ospetsua jokatzera. Talde hori komunikazioko pertsonaia ezagunek eta Frantziako kirolari ohiek osatzen dute, batez ere futbolariek (baita nazioartekoek ere), baina baita beste diziplina batzuetakoek ere.
Jean-Michel Larqué frantziar futbolari ohiak antolatu du norgehiagoka, Arin Luzien taldearekin elkarlanean. Gaur egun Frantziako kirol esatari ezaguna da Larqué, eta partidakoa ere izango da.
1971n Parisen sortua, Variétés Club de Francen, erretiratutako beste jokalari batzuen artean, izen aski ezagunak lerrokatu ohi dira, hala nola Laurent Blanc, Christian Karembeu, Robert Pirès, Didier Deschamps, Michel Platini, Luis Fernández, Fabien Barthez, Christophe Dugarry, Yannick Noah, Richard Gasquet, Serge Blanco, Jean-Pierre Eschamps, Jean-Pierre Papin, Alain Giresse, Zinedine Zidane, Bixente Lizarazu, Rudi Garcia, Arsene Wenger, Bernard Lacombe… Horietako batzuek igande honetan jokatuko dute irundarren aurka. Thierry Roland (“La voix du football français”) kazetari mitikoa izan zen erakundeko presidentea 32 urtez, 2012an hil zen arte.
Zalantzarik gabe, ohore handia eta luxuzko partida gure Beteranoentzat.