Aitor Zulaika Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du gaur goizean Stadium Galeko prentsa aretoan, lehen taldeak larunbat honetan A Malatan Racing Club de Ferrol taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Sailkapenean bi taldeek duten posizioaz galdetuta, Zulaikak esan du “sailkapenean puntuetara berdinduta dagoela ikusten duzunean aurkari zuzena dela ikusten duzu, baina aurkari zuzenak… Hiruzpalau berdinduta bageunde, eta gainerakoek, goitik zein behetik, tartea izango balute gugandik. Baina ez da horrela. Zalantzarik gabe, aurkari zuzena da, baina askoren artean”.
Racing Club de Ferrolen indarguneei buruz galdetuta, entrenatzaile azpeitiarrak esan du “gauza asko azpimarratuko nituzkeela. Hasteko, ofizioa. Jokalari asko dituzte kontrastatuta, kilometro asko eginda. Ez ditugu orain Racing Club de Ferroleko jokalariak ezagutuko. Ofizioa, plantilla, taldea… dute, goiko postuetan egoteko hautagaia da eta izango da”.
Hamaikakoan aldaketak egongo direla baieztatu du Zulaikak. “Nekeak edo partiden pilaketak eragindako aldaketak ez. Igandean jokatu genuen azken partida eta hurrengoa bihar, larunbata. Racing Club de Ferrolen aurkako partidari begira hamaikakoa doitzeko edo hobetzeko aldaketak aurreikusten ditut”, esa du, eta baieztatu duenez, “duela astebete Chemaren baja bakarrik genuen, eta jokatzeko prest egon ezinik jarraituko du. Nacho ere baja izango da. Seguin gripe-prozesu bat pasatzen ari da, Pradera ere baja izango da, Beobide oso justu dago eta Erik txartel zigorra betetzen ari da”.
Lehen multzoko 27. jardunaldiko partida larunbat honetan jokatuko da, A Malatan, 17:00etatik aurrera.