Aitor Zulaika Real Unióneko entrenatzailea Stadium Galeko prentsa aretoan izan da gaur goizean, talde irundarrak igande honetan etxean UD Logroñés taldearen aurka 19:30etatik aurrera jokatuko duen partidaren atarian.
“Entrenamenduak ondo doaz. Bi eguneko atsedena eman genuen eta jokalariek pilak kargatzeko aukera izan dute. Oso pozik nago aste honetako entrenamenduen dinamikarekin”, adierazi du Real Unióneko entrenatzaileak”, nahiz eta honako hau ere adierazi: “Egia da nahi baino jende gutxiagorekin entrenatzen ari garela, baina oraindik 48 ordu baino gehiago falta dira partidarako. Edonola ere, ez da aitzakia izango. 11 jokalari on izango ditugu eta partidaren bila joango gara”.
Zulaikaren ustez, “UD Logroñés denboraldi amaieran goian egoteko beste hautagaietako bat da. Bere bi partidak ikusi ditut. Tarragonan partida bikaina egin zutela uste dut, baina azkenean ia galdu egin dute. Bilbao Athleticen aurka gehiago kostatu zitzaien. Nolanahi ere, uste dut azken urteotan erakusten ari dela zer klub mota den, zer zalego duen, egin duen plantilla, oso ondo landutako automatismoak ditu. Oso talde ona da”.
Partida, Lehen Federazioko 2. Multzoko 3. jardunaldiari dagokiona, igandean jokatuko da, Stadium Galen, 19:30etatik aurrera.