Aitor Aranzabek aurredenboraldiko lehen minutuak jokatu ditu larunbat honetan Zarautzen. Zaldibiarrak gogoratzen duenez, “duela bost urte egon nintzen hemen, oso gazte, 21 urte nituen. Oso pozik nago Real Uniónera itzultzeaz. Azken urteotan kluba asko hazi da eta proiektua oso anbiziotsua eta interesgarria da. Denboraldia hasteko gogoz nago”.

Lehen Federazioaren mailari dagokionez, Aranzabek adierazi duenez, “iaz asko sufritu genuen Sestaon eta azken jardunaldian salbatu ginen. Oso kategoria parekatua da. Talde guztiak oso ondo lehiatzen dira. Partidak xehetasunen arabera erabakitzen dira. Ondo prestatu behar dugu eta ea ahalik eta gorenen amaitzen dugun”.