Real Unión Club: Irazusta; Santos, Espigares (Vales, 46. min.), Montoro (Pérez, 46. min.), Parada (Aramburu, 75. min.); Rivero, Oyarzun (Bravo, 57. min.), Beobide, Sánchez, Luque; Jon Ander (Andrada, 57. min.).
Real Murcia CF: Serna; Rueda, González, Piña, Solá; León (Lorenzo, 60. min.), Aguza (Ganet, 67. min.), Gracia (Alfonso, 75. min.), Vega (Toril, 60. min.), Ortiz; Romera (Armando, 67. min.).
Emaitza (1-5): 0-1, Pedro León (13. min.); 0-2, Pedro León, penaltiz (16. min.); 1-2, Oyarzun (30. min.); 1-3, Pedro León (32. min.); 1-4, Romera, penaltiz (44. min.); 1-5, Romera (47. min.).
Epailea: Carlos Muñiz Muñoz. Txartel horia atera die Espigaresi (17. min.), Montorori (43. min.), Jon Anderri (47. min.) eta Paradari (73. min.) Real Uniónen eta Aguzari (47. min.) Real Murtzian.
Bestelakorik: Lehen Federazioko 2. Multzoko ligako 31. jardunaldia. Stadium Gal. 893 ikusle.
Porrot gogorra jaso du Real Uniónek Stadium Galen, bat eta bost, 90. minututan zehar nagusi izan den eta markagailuan aurretik azkar jarri den Real Murtziaren aurka.
Bisitariak izan dira abisatzen lehenak, Dani Vegak 7. minutuan egindako errematea gurutzatuegi joan baita. Real Uniónen erantzuna, 11. minutuan. Oyarzunek ateratako korner jaurtiketa, aldaratzea Nacho Sánchezi erori zaio, baina bere jaurtiketak defentsa bisitariari jo dio. Baloia Montorori geratu zaio, baina bere errematea Real Murtziako defentsak atera du. Hurrengo jokaldian, baloi luzea, Montoro eta Irazusta elkar ulertu ez, eta Pedro Leónek, ateak hutsik, 0-1ekoa jarri du markagailuan. Hiru minutu geroago, bisitarien aldeko penaltia, Espigaresi baloia eskuetan eman ondoren. Pedro Leónek ez du barkatu 11 metroetatik. Hurrengo minutuetan saiatu da Real Unión, Paradak 14. minutuan egindako erremate altu batekin eta 15. minutuan Oyarzunek area kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Sernak geldiketa ona egin behar izan du. Oyarzunek berak aldea murriztu du markagailuan 30. minutuan, eskuin hankarekin sare barrura errematatuz Santosek eskuin hegaletik egindako erdiraketa. Baina pozak bi minutu eskas iraun die Iñaki Goikoetxeak entrenatutakoei, eta Pedro Leónek hirugarrena egin du bisitarientzat, hirugarren hori ere bere kontu pertsonalean. Eta lehen zatia amaitu baino lehen, kanpokoen aldeko penalti berria, Montorok egindakoa, Romerak 1-4koa eginez.
Goikoetxeak atzealdea aldageletatik igarotzean aldatu du, Pérez eta Vales Espigares eta Montororen ordez sartuz, baina Real Murtziaren lehen hurbilketan Romerak 1-5ekoa jarri du. 47. minutua zen. Hortik aurrera, aldaketak talde batean eta bestean, minutuak pasa ahala intentsitatea galduz joan den partidan, hiru puntuak Murtziara joango zirela kontuan hartuta. Gaurko partida ahaztu eta hurrengo jardunaldian pentsatu behar da. Real Uniónek Las Gaunas bisitatuko du datorren igandean, 16:00etatik aurrera UD Logroñésen aurka jokatzeko.