Real Unióneko entrenatzailea gaur goizean agertu da Stadium Galeko prentsa aretoan, Racingen aurkako partidaren atarikoan.
Aitor Zulaika Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du gaur goizean Stadium Galeko prentsa aretoan, lehen taldeak igande honetan Stadium Galen Racingen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Zulaikak adierazi duenez, “Racing oso talde erregularra da liga honetan, bai El Sardineron jokatzen dutenean, bai kanpoan jokatzen dutenean. Emaitzak ikusi besterik ez dago. Oso estuak izaten dira beti. Esango nuke gu baino askoz erregularragoa dela. Gure kasuan, erregulartasun hori lortzeko lanean ari gara. Ideiak argi izan behar ditugu, azkenean zailena ideia horiek gauzatzea dela jakinda. Horretan ari gara. Partida erakargarria izango dela uste dut”.
Real Unióneko entrenatzaileak aitortu duenez, “normalean baino lesio gehiago izaten ari gara batez beste, baina hori ezin da inoiz aitzakia izan. Horregatik ditugu 23 jokalariko plantillak. Bravo, Beobide, Elizondo eta Vivancos lesionatuta daude. Ez ditugu berreskuratu, baina ez dugu inor galdu aurreko astearekin alderatuta”.
Kazetarien galderei erantzunez, entrenatzaile azpeitiarrak esan du “partidara ondo iristeak esan nahi duela asteko lehen zatian ondo eta gogor entrenatu izana, eta bigarren zati honetan ideia taktikoak ondo lantzea”.
Lehen multzoko 10. jardunaldiko partida igandean jokatuko da, Stadium Galen, 17:00etatik aurrera.