Larunbat honetan “Irun Hiria” Beteranoen Txapelketaren bosgarren edizioa jokatu da Stadium Galen, Santanderko Real Racing Club, Pau FC eta Real Unión Club taldeen parte-hartzearekin.
Jardunaldiko lehen partida, frantziarren eta irundarren artekoa, bana bukatu da. Bertako gola Idarramendik egin du. Ondoren, Racingek 7-0 jipoitu du Pau, eta emaitza horrekin Real Uniónen aurkako azken partidara iritsi dira kantabriarrak, berdinketarekin titulua eskuratzeko nahikoa zutela jakinda.
Santandertarren eta unionisten arteko norgehiagokak, euripean jokatutakoak, ez dio huts egin ikusleei, nahiz eta markagailua ez den mugitu. Bi taldeek gola sartzeko aukerak izan dituzte, batez ere anfitrioiek, irabaztera behartuta, aurkaria atean sartu eta garaipena oso gertu izan baitute, baina baloiak ez du sartu nahi izan.

Sailkapena honela geratu da azkenean:
- Real Racing Club: 4 puntu
- Real Unión Club: 2 puntu
- Pau Football Club: puntu 1
Manuel Higuera kapitain racinguistak, kantabriar erakundeko presidente ohiak, irabazlearen saria jaso du Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkariaren eskutik. Igor Emery Real Unióneko presidentea bertan egon da, baita eta Álvaro Cervera Real Unióneko entrenatzaile ohia ere, Racingeko espedizioarekin batera etorri dena eta aspaldiko lagunak agurtzeko aukera izan duena. Ondoren, parte-hartzaile eta babesleekin, Berlys okindegiko, La Gruta tabernako, Vinoteca Mendibileko, Córner Txuribeltz tabernako, Marrubi Goxokietako eta Distribuciones Villaverdeko laguntzaileekin lagunarteko aperitiboa egin da.
Zozketa solidarioaren saskia 243 zenbakiarekin saritu da. Bildutako dirua San José Langilearen Parrokiara bideratuko da.