Ez du Gipuzkoako Kopa jokatuko.
Allerruren aurka pasa den larunbatean Ugalde-Kateko futbol zelaian lortutako garaipenarekin 2020-21 denboraldiari amaiera eman dio Real Union Bk. Zazpigarren izan da 11 punturekin Ohorezko Erregional Mailan. Hiru neurketa irabazi ditu, bi berdindu eta lau galdu, eta ez du Gipuzkoako Futbol Federazioak antolatzen duen Gipuzkoako Kopa jokatuko.
Lehenengo taldearekin entrenatzen aritu diren bost jokalariak Aitor Zulaikaren esanetara bukatuko dute denboraldia, eta filialarekin entrenatzen aritu diren jubenilak Ohorezko Jubenil Mailako taldearekin bukatuko dute denboraldia. Gainerako jokalarientzat teknifikazio jardunaldi batzuk prestatzen ari dira. Hurrengo egunetan zehaztasun gehiago emango dira.
Kepa Esnaola ez du datorren denboraldian Real Union Bko entrenatzaile izaten jarraituko, klubarekin zeukan lotura amaitu ondoren. Esnaola iazko otsailean heldu zen Irunera Ixaka Zubietaren ordez. Real Unioneko bigarren taldea jaitsiera postuetan hartu zuen baina COVID-19ren pandemia dela eta azkenean txapelketak bertan behera utzi ziren.