Taldea pasa den asteartean hasi zen Ohorezko Erregional Mailako bigarren jardunaldia prestatzen.
Real Union B taldeak Ugalde-Kateko futbol zelaian jokatuko ditu hemendik aurrera bere etxeko partidak. Hala ezagutzera eman du gaur Real Unionek. Gogorarazi behar da Ugalde-Kateko instalakuntzak Mariño Kirol Klubak kudeatzen dituela gaur egun eta bertan Mariño-ren talde ezberdinak ez ezik, Landetxakoak ere aritzen direla, baita Real Unioneko lehen taldea ere.
Gorka Etxeberria, Real Unioneko futbol zuzendariak, “eskerrak” eman dizkie “Irungo Udala, Mariño eta Landetxari, akordio batera heldu eta gure bigarren taldea Ugalde-Kateko futbol zelaian entrenatu eta partidak jokatzeko eman dizkiguten erraztasunengatik. Hiru kluben arteko harremanak oso onak dira. Badakigu une puntualetan entrenamendu orduekin arazo txikiren bat izan dezakegula talde asko garelako, baina jakin badakigu ere konponduko garela”
Taldea pasa den asteartean hasi zen Ohorezko Erregional Mailako bigarren jardunaldia prestatzen. Urrian jokatutako lehenengo jardunaldian Errenterian Touring menpean hartu ostean SD Euskalduna hartuko du Real Union Bk Ugalde-Kateko futbol zelaian otsailaren 20an 17:00etan.
Belar artifizial berria
Orain dela hilabete batzuk Irungo Udalak belar artifizial berria jarri zuen Ugalde-Kateko futbol zelaian, indarrean dagoen araudiaren araberako ezaugarriak dituena, oinarri elastiko moteltzaile baten gainean. Era berean, ureztapen sistema hobetu da, eta lan osagarri hauek egin dira:
- Egungo drainatze sarea egokitu, gainazaleko jariatze ura behar bezala hustea bermatzeko eta zelaian urik pilatu ez eta jokoa ez oztopatzeko.
- Harmailetako egungo egituran olana mikrozulatua instalatu, ikusleak euritatik babesteko.
- Egungo proiektagailuen ordez LED argiztapen elementuak jarri.