Real Unióneko entrenatzailea gaur goizean agertu da Stadium Galeko prentsa aretoan, Valladolid Promesas taldearen aurkako partidaren atarikoan.
Aitor Zulaika, Real Unióneko entrenatzailea, gaur goizean agertu da Stadium Galeko prentsa aretoan, CD Badajoz taldearen aurkako larunbateko partidaren atarikoan.
“Bi garaipenek ez gaituzte aldatuko, ezta bi porrotek ere. Lan egin behar dugu, xehetasun guztiak zaindu eta partida ahalik eta ondoen prestatu”, erantzun du entrenatzaile azpeitiarrak kazetarien galderei erantzunez.
Real Uniónek Extremadurako talde baten aurka jokatuko duen lehen partida ofizialari buruz Zulaikak esan duenez, “San Inazio egunean esan nuen gure historian lehen aldiz Extremadurara joango ginela lehiatzera. Eta berdin beraien kasuan, lehen aldiz etorriko dira Galera. Oso talde ona da. Askorentzat, iaz Bigarren B Mailan zeuden 102 taldeetatik, talderik onena. Play-off-a jokatu zuen, igotzeko zorian egon zen. Aldatu egin dira, baina fitxatu dituzten jokalariak Bigarren A mailakoak edo igoera play-offa jokatu duten jokalariak izan dira. Sekulako partida egin zuten Riazorren. Sekulako taldea da. Nola egiten zaio min? Gu geu izanik, Real Unión jokoaren arlo guztietan eta partidarako gidoi onena prestatzen, eta partidak hala eskatzen badigu, aldatzen”.
Zulaikak argi dauka “jokalari oso onak” dituztela, “baina guk ere baditugu, futbolean oso ondo jokatzen dituztenak. Argi utzi nahi dut Las Gaunasen Real Unión izan ginela, Celta B taldearen aurka bezala. Lehen ez genuen presio altua egiten? Hori ere egiten genuen. Gu geu izaten jarraitu behar dugu eta partida ondo prestatu, aurkari handi bat aurrean dugula jakinda. Ez ahaztu goragoko mailan gaudela. Akatsak ordaindu egiten dira. Baina Real Unión izaten jarraitu behar dugu “.
Ligako 5. jardunaldiko partida bihar jokatuko da, 19: 00etatik aurrera.