Irungo alkate Cristina Labordak eta Hiri Bultzadako ordezkari Miguel Ángel Páezek Irungo Gabonak inauguratu dituzte Zabaltza plazan, Gabonetako Azokara bisita eginez. Bertan, Real Uniónek merchandising-a duen etxola bat izango du. Real Unióneko Administrazio Kontseiluko presidenteak, Igor Emeryk, hiriko beste merkatari eta ostalariekin batera, agintariei lagundu die bisitan.
“Abenduaren 15etik aurrera, dena dago martxan hirian. Programa abian jarri da, eta Irun familientzako plan nagusia bihurtuko da. Ildo horretatik lan egin dugu, eguberrietarako parerik gabeko plan bat prestatzeko, eta, orain, jende guztia gozatzera eta Irunera etortzera gonbidatzea besterik ez da falta”, adierazi du alkateak.
Hiri Bultzadako ordezkariak aditzera eman duenez, “harro gaude Irunen eguberrietako azoka sendo bat izateaz, bertako merkatariek eratutakoa nagusiki. Merkataritza aktiboa dugu, parte hartzailea eta hiriari ekarpenak egiteko gogoz betea ekonomia sustatzeko eta eguberrietako giroa sortzeko, herritar guztiei gozarazi eta on egiteko, eta Udalak urtero-urtero hori gerta dadin lan egiten du”.
Zabaltza plazako eguberrietako azoka, hogei bat postuz osatutakoa, tradizio bat da dagoeneko. Bada, hura ere, Irungo merkataritzaren erakustokirik onena, gaur zabaldu da. Txaboletan, Art Decó, O Más Cinturones, Ittoitta, 4eta2, Amaren Creaciones, Petit Meraki, N-1, Made.chu, Beliz, Jamel, Gure Galtzerdia, Olifer Cerámica eta Le Muguet izango dira, besteak beste, eta, bertako merkatarien artean, berriz, Sugar Repostería Creativa, Frutería de Perita, Marrubi Goxokiak, Galarza Taller de Costura, KE Albistur, Neska Polita, Uno Más, Picking Pack, GrapeEtxea eta A Terriña. Real Unión eta Bidasoa Irun ere azokan izango dira; Bidasoa Irun, lehenengo aldiz.
Azoka abenduaren 15etik urtarrilaren 5era bitartean egongo da zabalik, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara bitartean.