Real Unióek RUC Enpresak II. Topaketa antolatu du gaur. Óscar Galánek eta Martín Tellecheak, klubeko Marketin, Komunikazio eta Publizitate arloko arduradunek, zuzendu dute jardunaldia. Bertan, enpresa babesle eta laguntzaileek klubaren proiektua eta kirol eta gizarte mailan kokatzeko egiten ari diren lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.
Guztira 30 enpresa eta entitate izan dira jardunaldian, denboraldi honetan klubarekiko konpromisoa berritu dutenak edo lehen aldiz babesletza- edo lankidetza-akordio baten aldeko apustua egin dutenak. CD Mariñoren eskutik datorren denboraldian hasiko den emakumezkoen futbol proiektua eta datozen egunetan aurkeztuko den HAZI proiektua azaltzeko ere balio izan du jardunaldiak.
Asmoa da topaketa hau denboraldia amaitzean urtero egitea eta, enpresen artean sinergiak sortzeaz gain, pixkanaka Real Uniónen “familia” areagotuko duen harremana sendotzeko balio izatea.
Real Uniónek eskerrak eman nahi dizkie bertaratutako guztiei jardunaldira etortzeagatik eta denboraldi honetan emandako babesagatik.