Club Marino de Luanco: Ardura; Guaya, Aspra, Palomeque, Adolfo; Cuesta, Elena, Jandro (César, 46. min.), Pinín, Abraham; Grande.
Real Unión Club: Agirre; Santos (Eimil, 63. min.), Pérez, Riera (Oyarzun, 46. min.), Escorcia (Márquez, 46. min.); Vidorreta, Azkue, Córdoba, Cerdá (Escobar, 70. min.), Arzak (Rivero, 46. min.); Ruiz.
Emaitza (2-1): 1-0, Guaya (27. min.); 2-0, César (78. min.); 2-1, Azkue (81. min.).
Epailea: Daniel Pastoriza Iglesias. Txartel horia atera die Adolfori (54. min.), Cuestari (65. min.), Guayari (71. min.) eta Césarri (81. min.) Club Marino de Luancon eta Escorciari (24. min.), Vidorretari (34. min.) eta Rierari (40. min.) Real Uniónen. Hinojosa etxekoen delegatuari txartel horia atera dio (85. min.) eta Fran Justo Real Uniónen entrenatzailea txartel gorri zuzenarekin bota du partida amaitu ondoren.
Bestelakorik: RFEF Kopako final-hamaseirenak. Miramar. 400 ikusle inguru.
Real Uniónek agur esan dio RFEF Kopari, gaur Miramarren Club Marino de Luancoren aurka galdu eta gero, iaz bezala, lehiaketa honen bidez Errege Kopa lortzeko aukerari agur ere esanez. Etxekoak aurretik jarri dira lehen zatiaren erdialdera, eta Irungo taldeak atoian joan behar izan du partida osoan, aurpegia emanda, batez ere bigarren zatian.
Lehen aukera argia asturiarrentzat izan da. Palomequek buruz egin du errematea 10. minutuan, Agirrek defendatutako atearen zutoinean jo du, eta Rierak, Arzakek bezala gaur partida ofizialean debuta egin duenak, kornerrera bidali du. Irundarren erantzuna, Vidorretaren botetan, 14. minutuan gora joan zaion korner baten irteeran egindako jaurtiketa batekin. Arzakek ere probatu du, 18an, Santosen erdiraketa bat buruz errematatuz eskuin hegaletik. 27. minutuan, etxekoen lehen gola, Guayarena, area ertzean egindako falta bat bikain gauzatuz. Agirrek ezin izan du ezer egin. Horrela iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatian irundarrak nagusi izan dira. Fran Justok aldaketa hirukoitza egin du atsedenaldian, eta Rivero, Alain eta Joseca zelairatu ditu, irundarrek baloia gehiago izan dezaten ahalbidetuz. Hasi eta berehala, Peru Ruizek berdinketa izan du, baina bere jaurtiketak langa jo du mundu guztia gola kantatzen ari zenean. 53.ean Alain izan da probatu duena, atzetik Josecaren ezker hegaletik erdiraketa batera iritsiz. Altu joan zaio irundarrari. 65.ean, protagonista bera, kasu honetan aterik aurkitu ez duen falta zuzen batekin. Eta minutu bat geroago, Córdobak ere, kanpoaldearekin, ez du asmatu. Kontrako aldean, bigarren berrogeita bost minutuetan etxeko taldearen hurbilketa bakanetako batean, 2-0ekoa iritsi da, Césarrek egina, Unai Agirreren aurretik ondo gurutzatuta. 78. minutua zen. Real Uniónek etsipenez jarraitu du eta hiru minutu geroago aldea murriztea lortu du, Alainek atera eta Azkuek sare barrura bidali duen korner batean. Ez du gehiagorako denborarik eman, eta irundarrek agur esan diote txapelketari.
Fran Justok zuzentzen duen taldea igandean itzuliko da lehiaketara Salamancan. Unionistas CF taldearen aurka jokatuko du 18:00etatik aurrera Nuevo Reina Sofían.