Real Uniónekk eta Beteranoen Elkarteak bi erakundeen arteko harremana arautzea adostu dute, lankidetza-hitzarmen bat sinatuz. Dokumentua azaroaren 16an Beteranoen Elkarteko zuzendaritza-batzordearen bileran onartu zen, eta azaroaren 22an Real Unióneko Administrazio Kontseiluan. Hitzarmena sinatzaileen arteko lankidetzarako esparru-akordio bat da, bi erakundeek kirol-, kultura- eta gizarte-jardueretan parte har dezaten, bi erakundeen sortze-helburuekin bat etorriz.
Bi aldeek ezarritako helburuen artean daude:
a) Real Uniónen irudi publiko ona sustatzea, Beteranoen Elkarteak egiten dituen ekintzen bidez.
b) Real Unióneko edozein langile, jokalari, entrenatzaile eta zuzendariren ongizatea, halakoa izateagatik Beteranoen Elkartearen eta Real Uniónen laguntza jasotzeko eskubide morala dutelako.
c) Langile, jokalari, entrenatzaile eta zuzendari guztiak harro egotea Real Unióneko kide izateagatik.
Hitzarmenak betebehar batzuk ere ezartzen ditu alderdien artean. Klubari dagozkionen artean:
a) Beteranoen Elkarteari Stadium Galeko instalazioetan dagoen lokal bat ematea, erabil eta goza dezan.
b) Stadium Galeko instalazioak erabiltzea (ondoko zelaia eta aldagelak), ordutegien erabilgarritasunaren arabera, Beteranoen Elkarteak denboraldian zehar egiten dituen entrenamendu eta partidetarako, bere programan aurreikusitako kirol eta gizarte jardueren barruan.
c) Stadium Gal uztea, denboraldian behin, helburu sozialekin partida edo txapelketa bat antolatzeko.
d) Beteranoen Elkarteko beteranoen taldeko kideek klubeko zerbitzu medikoak erabiltzea, entrenamenduren batean edo programatutako partidak jokatzean lesioa izanez gero.
e) Beteranoen Elkarteari denboraldi bakoitzeko tribuna nagusirako bost pase edo txartel ematea, elkartearen konpromisoetarako Stadium Galen egiten diren partidetarako.
f) Real Uniónen abonuen % 20 deskontua diren edo izan nahi duten Beteranoen Elkarteko bazkideentzat.
Elkarteari dagozkionen artean:
a) Klubarekin lankidetza estuan aritzea, eta Real Uniónen irudi publikoa sustatzeko edozein ekitalditan ordezkaritza egokiarekin parte hartzera behartzea, klubak zuzenean hala eskatuz gero, peñekin egiten diren bileretara joatea eta lagunarteko partidetan parte hartzea barne.
b) Estatutuen 5. artikuluan ezarritako helburuak betetzea, eta, bereziki, kluba osatzen duten kide ohiei laguntza ematea.
“Beteranoen Elkartea 2017an sortu zenetik proaktiboak izan gara klubarekin hitzarmen bat bilatzeko. Beti ulertu izan dugu familia handi bateko kide garela, Real Uniónekoa, eta elkarri lagundu behar diogula. Oso pozik gaude bi aldeentzat onuragarria izango den akordio honekin”, adierazi du Joxean Legorburu Beteranoen Elkarteko presidenteak.
Bestalde, Igor Emery Real Unióneko Administrazio Kontseiluko presidenteak adierazi duenez, “Real Unióneko Administrazio Kontseiluko presidente gisa egin nahi izan nuen lehen bisita gure beteranoengana izan zen. Jakin badakigu zein lan handia egiten duten, eta uste dugu klub gisa eskutik helduta joan behar dugula. Hemen daramagun denboran beti egon dira hor, edozertan laguntzeko prest”.
Hitzarmenak bi urteko indarraldia izango du, eta 2023ko abenduaren 31n amaituko da. Urtero luzatuko da automatikoki, non eta alderdietako batek ez duen jakinarazten hitzarmena berriz negoziatzeko asmoa duela, hitzarmen hau amaitu baino hamabost egun lehenago arte.