Real Uniónek klubaren kromo bilduma ofiziala jarriko du salgai. Bertan, Real Unióneko 8 talde federatuak daude ordezkatuta, Lehen Federazioko taldetik Infantil Txikira. Real Uniónek sektoreko enpresa espezializatu Akindarekin lortutako akordioaren emaitza da proiektua. Kromoak klubeko denda ofizialean saltzen dira gaurtik aurrera, paketea euro baten truke; albumak, berriz, 3 euroren truke eros daitezke.
Bilduma osoak 180 kromo ditu. Talde alde ezberdinetako plantilla osoez gain, klubaren historia ere aurki dezakegu, baita lehen taldeko jokalarien sinadurak eta oroigarriak jasotzeko atal bat ere.
“Denboraldi batzuen ondoren berreskuratu dugun proiektua da. Denok bildu ditugu txikitan Munduko Txapelketako, Eurokopako edo ligako kromoak, zer hobe Real Unióneko jokalariekin bilduma bat egiteko aukera izatea baino, lehen taldeko plantillatik hasi eta harrobiko azken talderaino”, adierazi du Igor Emery Real Unióneko Administrazio Kontseiluko presidenteak.
Akindari buruz
Akinda kalitatezko produktuetan, negozio-eredu berrietan eta merkatuko ikuspegi berritzailean oinarritutako enpresa da. Suitzan du egoitza nagusia, filial italiar bat, inprimaketa digitaleko fabrika bat eta 50 langile ditu, Europa osoko sei herrialdetan lan egiten dutenak. Sektorean 10 urte baino gehiagoko esperientzia izanik, 6.000 album proiektu pertsonalizatu baino gehiago egin ditu kirol mota guztietako taldeetan.