Datorren igandean abiatuko da RUC Live ekimena, taldeak Stadium Galen jokatuko dituen partiden aurreko giroa eta atsedenaldiak animatzeko sortutako kanpaina. Proposamena igande honetan bertan hasiko da, 17:00etan, Beasain KEren aurkako partidarekin batera.
Kanpainaren helburua, Stadium Galen giro aparta sustatzeaz gain, tokiko eta inguruko artistei ikusgarritasuna ematea da, zale txuribeltz guztien aurrean aritzeko aukera eskainiz eta, horrela, etxean jokatzen den partida bakoitzean tokiko espiritua indartuz.
Lehenengo RUC Live saioak Tinez abeslaria izango du gonbidatu. Iñigo Martínez de Nanclares (Donostia, 2000), Tinez izen artistikoarekin ezaguna, artista donostiar gazte eta gorakorra da; dagoeneko hainbat single argitaratu ditu, baita bere lehen diskoa ere, All In. Musika urbanoan eta rap estiloan oinarrituta, Madril eta Bartzelona bezalako hirietan aretoak betetzea lortu du, eta igande honetan izango da RUC Live ekimenari hasiera emango diona, Real Uniónen eta Beasain KEren arteko partidaren atsedenaldian.