Haiekin batera, taldeko presidente Igor Emery izan da, foru diputatuari zuzendaritza batzorde berriaren proiektua aurkezten.
Gaur, Kiroletako diputatu Harkaitz Millanek Stadium Galeko instalazioak bisitatu ditu, Irungo alkate José Antonio Santanok eta Kiroletako zinegotzi ordezkari Borja Olazabalek lagunduta.
Haiekin batera, taldeko presidente Igor Emery izan da, foru diputatuari zuzendaritza batzorde berriaren proiektua aurkezten.
Lehenik, Galeko eranskina bisitatu dute, egun batzuk barru zelaiko belar artifiziala eta argiteria berritzeko lanak hasiko baitira bertan. OPSA Obras y Pavimentos Especiales SA enpresari esleitu zaizkio lanak, 368.541,99 euroan BEZa barne, eta bi hilabete iraungo dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak 150.000 euro jarriko ditu.
“Foru Aldundiak eta, bereziki, Harkaitz Millánek kirol instalazioak berritu eta mantentzearekin hartutako konpromisoa” eskertu du alkateak. “Real Uniónek asko erabiltzen du zelaia, baina baita hirian eskola kirolean aritzen diren gazte askok”.
Kulturako eta Kiroletako diputatu Harkaitz Millanek, berriz, zera adierazi du: “Real Unión erreferentziazko proiektua eta historikoa da Gipuzkoako futbolaren barruan, eta, horiek horrela, ahalik eta kirol instalazio hoberenak behar ditu, eskualde osoan futbolean goi mailan jokatzen segitzea bermatzeko”.
Real Unióneko oinarri taldeen entrenamenduetarako eta partida federatuetarako erabiltzen da zelaia, hiriko beste talderen bateko oinarri taldeentzako, Real Unióneko beteranoen entrenamenduetarako eta, ikasturtean zehar, Eskola Kirola ekimenaren barruko larunbat goizeko partidetarako.
Galeko zelai erantsitik Real Uniónen gainontzeko instalazioak ikustera joan dira diputatua, alkatea eta ordezkaria, taldeko presidente berri Igor Emeryrekin. Horrela, zuzendaritza batzorde berriak talde irundar historikoarentzat duen proiektuaren xehetasunak azaldu ditu Emeryk. Izan ere, uztailean, Ricardo Garcíak presidente kargua utzi zuen –aurreko zuzendaritza batzordea 22 urte izan zen karguan–, eta Emeryk ordezkatu zuen.
Lehengo larunbatean, Real Uniónek 2021-2022 denboraldirako taldeak aurkeztu zituen.

Lanen deskripzioa
Lanen bidez, funtsean, belar artifiziala ordezkatuko da, eta argiteria berrituko da, eta, zer elementu berri instalatuko diren zehazteko, irizpide tekniko eta ekonomikoak hartu dira kontuan, etorkizunean instalazio guztiak mantendu beharraren ikuspegitik.
Funtsean, lan hauek egingo dira: ateak eta aulkiak kendu, egungo belarra altxatu eta, behin planimetria egiaztatuta, belar berria jarri eta urik ez pilatzeko berdindu.
Argiteriari dagokionez, berriz, zelaiaren inguruko lau dorreetako 2.000na watteko 32 proiektagailuak desmuntatuko dira, eta 1.420na watteko hamasei jarriko dira, zelaia areago eta uniformekiago argiztatzeko eta, bide batez, LED teknologiari esker energia (gutxi gorabehera, %64) aurrezteko. Izan ere, 1.420 watteko eta 212.000 lumeneko argi fluxuko proiektagailuak aukeratuta, gutxiago jar daitezke.
Azkenik, alboetako kanaletak, baranda babesgarriak, aulkiak eta zakarrontziak ordezkatuko dira.
Proiektua idazteko, Real Uniónekin elkarlanean, inguruko goi mailako instalazioak hartu dira erreferentziatzat.