Aitor Zulaika Real Unióneko entrenatzaileak agerraldia egin du gaur goizean Stadium Galeko prentsa aretoan, lehen taldeak igande honetan El Sardineron Real Racing taldearen aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Igandeko partidari buruz galdetu diotenean, Zulaikak honakoa adierazi du: “Osagai guztiak dituen partida da. Bi klub historiko, ligaren sortzaileak, azkenaldian gainera, Racingen eta Real Uniónen arteko partidak ikusteko politak izan dira, bai El Sardineron bai Stadium Galen, dinamika positiboak dakartzaten bi talde. Racing lider dator 2022an, ligako azken 6 partidetan gol bat sartu diote, El Sardineron galdu gabe… Zer nahi dugu? Ondo jokatu eta irabazi”.
El Sardineron, etxean oraindik galdu ez duen taldea etxetik kanpo puntu gehien lortu dituen taldearen aurka jokatuko dute. “Etxetik kanpo puntu gehien dituen taldea gailentzea espero dut, baina badakigu horretarako hiru gako egongo direla: nola jokatu jakitea, gu geu izatea eta Racingen lehiakortasunari aurre egitea”, adierazi du Azpeitiko teknikariak.
Real Uniónek hurrengo egunetan ere hiru partida jokatuko ditu, asteazkenean Stadium Galen Valladolid Promesasen aurka eta igandean Stadium Galen ere CD Calahorraren aurka. Hala ere, Zulaikak kazetarien galderei erantzunez adierazi duenez, “igandeko partidan zentratuta gaude eta gainera zortea dugu jokalari asko ondo daudelako. Zertarako pentsatu behar dugu asteazkenean? Asteazkenean norbait nekatuta baldin badago, esan eta aldatuko dugu. Racingen aurkako partidan gaude buru-belarri”.
Sequeira eta Ruiz
Kazetariek Patrick Sequeira eta Erik Ruizez ere galdetu dute, joan den asteburuan SD Logroñésen aurkako partidan joko nabarmena izan baitzuten. “Horrek oso ondo hitz egiten du jokalari hauen egunerokotasunaz. Futbolaren munduan ez dago luzaroan jokatu gabe egon eta egun batean on botoiari ematea. Egunerokoan lan egin behar da. Patrickek eta Erikek oso errendimendu ona izan zuten joan den egunean. Entrenatzailearentzat buruhauste gehiago dira, egia da, ez dizuet gezurrik esango”.
Lehen multzoko 25. jardunaldiko partida igande honetan jokatuko da, El Sardineron, 17:00etatik aurrera.