Mikel Llorente, Real Unión Club-eko entrenatzaileak, agerraldia egin du gaur goizean Stadium Galeko prentsa aretoan, taldeak igandean Gimnástica Segoviana-ren aurka jokatuko duen partidaren atarian.
Taldea denboraldi hasieran ematen ari den errendimenduari dagokionez, pozik daudela adierazi du Hondarribiko entrenatzaileak: “Liga hasteko astebete falta zenean, Real Sociedad B-ren aurkako lagunartekoan, lehen taldeko hamar jokalarirekin geunden. Aurredenboraldia oso garrantzitsua da ezagutza horretarako aldaketa handiak daudenean, eta ezagutza hori kasu gehienetan ezin izan da eman. Normalean ez da egoera egokia denboraldi hasiera ona izateko, eta, hala ere, taldea hobeto edo okerrago egonda beti lehiatu dela ikusi dugu. Hori balio garrantzitsua da eta pozik gaude liga hasierarekin, baina taldea berriro irabazteko gogoz dago, hiru partida jokatu eta gero”.
Asteburu honetako aurkariari buruz, Gimnastica Segoviana, taldeak defentsan oso adi egon beharko duela adierazi du entrenatzaileak: “Oso talde lehiakorra da, erasoan egiten duena interpretatzeko zaila, gauza asko egiten dituelako. Oso talde landua da zentzu horretan, eta guk oso ordenatuta egon beharko dugu defentsan, haiek bilatzen duten desordena horrek, modu batean esatearren, gu desordenatu ez gaitzan”.


